Estella-Lizarra Merkaritza Hiria
Estella-Lizarra hirirako, zerbitzu-sektorea eta merkataritza bereziki, oinarrizkoa izan da eta segitzen du izaten. Halako moldez non, herria Merkataritza-Hiria izendapena eskuratu duen.
Sortu zenetik, 1090 urtean, merkataritza- eta artisautza-jarduera du ezaugarri. Lagun ugari ziren ogibide honetara emanak hiriko lehen burguan finkatu zirenen artean, hau da, San Pedroko burguan. Beren produktuak eskaintzen zizkieten La Rua karrika gurutzatzen zuten erromes guztiei Done Jakueren Bidean.
Urteetan barna, merkataritza hori iraun eta asentatu da, kalitateko eta hurbileko merkataritza bilakatu delarik. Zalantzarik gabe, merezi du Estella-Lizarrako karriketan zehar ibiltzea, hiria animatu eta bizia ematen dioten saltoki txikiez gozatuz.
Beste jarduera bat, zeinean merkataritza-sektorearen garrantzia islatzen den, asteroko merkatua da. Urtearen ostegun guztietan, eta etengabe erdi aroko garaietatik, aire zabaleko merkatua egiten da. Elikadurarena Foruen plazan egiten da, ehungintzarena Santiago plazan kokatzen den bitartean. Merkatu horrek herritarrak hornitzen ditu, inguruko herriak eta Lizarrako bizimoduaren parte den tradizio hori ikusminez ezagutzera hurbiltzen diren lagun guztiak ere.
Azkenik, artisautzak indarra hartu du eta hirian egiten diren azoketan ikusarazten da. Aste Santuko igandean edo Puyko Ama Birjinaren festan, artisauak biltzen dira eskuz egindako bertako produktuak eskaintzeko.